Árbol madroño

GURBITZA

Arbutus unedo

Arboç (Katalanez) | Albedro, érbedo (Galegoz) | Madronheiro, ervedeiro (Portugaldarrez) | Strawberry tree (Ingelesez) | Arbousier (Frantsesez)


Gurbitza hazten utziz gero 8 metroko altuera har dezakeen zuhaixka edo zuhaitz txikia da. Adaburu trinkoa eta globo-formakoa du eta itzal handia ematen du.

Azala arre – gorrixka da, arrakalatsua eta ezkatatsua, eta plaka txikitan askatzen da. Adaxka gazteak gorrixkak dira, nahiz eta heltzen direnean grisaxka bilakatu.

Hostoak iraunkorrak, sinpleak, txandakatuak eta lantza formakoak dira, kolore berde bizikoak, balatik dirdiratsuak eta azpialdean mateak; 8-10 zentimetroko luzera dute eta 3-4 zentimetroko zabalera, ertz zerratuaz.

Loreak zuriak edo arrosa argiak dira, multzo zintzilikarietan agertzen dira udazkenaren amaieran edo neguaren hastapenean eta ezkila txikiaren forma dute. Landare paregabea da erlezaintzako flora gisa erabiltzeko.

Fruituek itxura pikorduna izaten dute heltzen direnean, ez dute azalik, mamitsuak eta biribilduak dira, 2-3 zentimetrokoak, gorriak edo laranja biziak. Horrenbestez, neguan gurbitza lorez eta heldutako fruituz beztituta ikus daiteke aldi berean.

Hostoak eta azala zurratzeko erabili izan dira tanino asko izaki; haren sustraia gorriz tindatzeko baliatu da, eta medikuntzan beherakoaren aurka (idorgarriak), gernuaren iragatea errazten dute (diuretikoak) eta gernu-bideak garbitzeko (desinfektatzaileak) balio dute.

Haren fruituak bere horretan jan daitezke edo haiekin konpota, ozpin eta pattarrak presta daitezke. Mediterraneoko eremu batzuetan (Aljeria eta Korsikan) hartzitutako fruituak ardo jakin bat prestatzeko erabiltzen dira, behin destilatuta, brandya ematen duena. Portugalen ohikoa da gurbitzaren pattarra etxean prestatzea.

Amildegi eta ibai-haitzarteetako baso mistoak dira haren habitat naturala, eta mendi-mazelatan ere agertzen dira artadi edo hariztien artean, itsas mailatik hasi eta 800 eta 1200 metro bitarteko altuerara arte.

Arbutus da erromatarrek gurbitzari eta haren fruituari emandako izena; unedo hitzak edo hitzean du jatorria, jatea esanahi duena, eta unus hitzak bat esanahi du, hots, “bakarra jatea”, gehiegi janez gero fruitu horiekin mozkortzeko propietatea aipatuz, izan ere, heltzean hartzitu egiten dira eta alkohola izaten dute.

Euskaraz izendapen ugari ditugu: gurbitsa, gurbisa, gurbixa, gurbiskia, gurguskia, gurbitxa, gurpitza, kurpitsa, kurpitia, kurpitza, gurbiza, gurguxia, gurguxa, kurkusa, kurkutsa, kulubiza, burbutxa, burbuza, burbiza, burgiza, burguxa, kaudana, kandana, aniamania, animania, gurbistondo.

GURBITZAren ezaugarriak

Ikusi nolakoak diren zuhaitza osatzen duten atal ezberdinak

Troco y copa del madroño

Enborra

Hoja del madroño

Hostoa

Flor del madroño

Lorea

Fruto del madroño

Fruitua

GURBITZAren loratzea

  • URT
  • OTS
  • MAR
  • API
  • MAI
  • EKA
  • UZT
  • ABU
  • IRA
  • URRI
  • AZA
  • ABE