Árbol tejo

HAGIN ARRUNTA

Taxus baccata

Teix (Katalanez) | Teixo (Galegoz) | Teixo (Portugaldarrez) | Yew, European yex (Ingelesez) | If commun (Frantsesez)


Hagin arrunta edo hagin beltza, Europa mendebalde, erdialde eta hegoaldean jatorria duen Taxus generoko espezie bat da. Taxazeoen familiako gimnospermo bat da, Jurasikoaz geroztik jadanik aski hedatutako multzo antzinakoa. Hagina da Europan familia horren ordezkari bakarra gaur egun.

Hosto iraunkorreko konifero horrek 20 metroko altuera har dezake, baina normalean zuhaitz txiki edo zuhaixka oso adartsuaren tamaina ez du gainditzen. Hazkuntza motelekoa da eta 5.000 urtera arte bizi daiteke.

Piramide formako adaburua du, oso sarri eta iluna. Hala, itzal oso mardula ematen du haren hostotzaren azpian. Enborra lodia eta laburra izan ohi du, laranja edo arrosa kolorekoa.

Hostoak lerrokatuak eta uniformeak dira eta puntadunak muturrean, 10-30 milimetroko luzera izaten dute eta 1,5-3 milimetroko zabalera. Balatik berde ilunak dira eta azpialdean berde – horixkak. Orrazi bikoitz eran daude paratuta adaxken gainean, parez pare, binaka.

Zuhaitz arrek polena ekoizten duten kono maskulinoak sortzen dituzte. Zuhaitz emeek fruitua ematen dute (fruitu faltsua), mamitsua, egiaz ordea, partzialki hura inguratzen duen estalki gorri batek (ariloa) bildutako hazi bat da.

Landarea guztiz pozoitsua da, fruitu faltsuaren arilo mamitsua izan ezik, azken hori jangarria baita. Gozoa eta gelatinakara da, baina tentuz ibili behar da hazia ez irensteko. Toxikotasuna taxinaizeneko alkaloide bati zor dio, taxolarenoinarria dena, medikuntzan bihotzetako arazoak eta minbiziari aurre egiteko erabiltzen dena.

Ingurune naturalean espezieak atzera egitearen arrazoietako bat haren zura aprobetxatzeko egin dien mozketa da. Haginaren zura gorrixka da mozketan eta kalitate handikoa dentsitateagatik eta ustelduraren aurrean agertzen duen erresistentziarengatik. Hori dela eta, arotz eta ebanistek oso preziatua dute pieza txikiak eta tresnetako heldulekuak zizelkatzeko. Baina, batez ere, Antzinaroan oso estimatua zen gogortasunagatik eta arku eta geziak egiteko eskaintzen zuen malgutasunagatik. Hala, Ingalaterrako arku-jaurtitzaileek, beren lanbidean onenak izatearen ospea zutenek, Britainiako Irletan hagin populazioak eskastu egin zituzten.

Baso-soiltzeak ere eragina izan du espezie horretan; ingurumenean aldaketak sorraraztean espeziea giro hezea mantendu den lekuetara zokoratua izan da. Arrazoi hori dela medio, Europako leku askotan, banakako antzinako haginak naturako monumentutzat jotzen dira, baso zaharren arrasto gisa eta, horrenbestez, babestu eta kontserbatuak dira. Hagina lurralde osoan dago babestuta.

Euskal Herrian hagina hildakoen munduarekin lotu ohi da eta zuhaitz sakratutzat hartzen da. Gipuzkoako armarrian ur gainean agertzen diren zuhaitzak hiru hagin arrunt dira. Hagin izena maiz agertzen da toponimo gisa Euskal Herrian. Horrek aurrez espezie ugaria zela adierazten du.

HAGIN ARRUNTAren ezaugarriak

Ikusi nolakoak diren zuhaitza osatzen duten atal ezberdinak

Copa del tejo

Enborra

Hoja del tejo

Hostoa

Flor del tejo

Lorea

Fruto del tejo

Fruitua

HAGIN ARRUNTAren loratzea

  • URT
  • OTS
  • MAR
  • API
  • MAI
  • EKA
  • UZT
  • ABU
  • IRA
  • URRI
  • AZA
  • ABE