Moixera (Katalanez) | Raña, sorba (Galegoz) | Mostageiro (Portugaldarrez) | Whitebeam (Ingelesez) | Alisier blanc (Frantsesez)
Zuhaitz hostoerorkorra da, 25 metrora iristen dena, adaxka bilotsuz hornitua eta azal gris eta zapala ageri duena.
Honen hostoak sinpleak, txandakatuak (hori hobeto ikusten da adarren erdialdean, muturretan oso elkartuta agertzen baitira), zabalki obalatuak, biribildu edo obalatu zein lantza formakoak dira, 4-12 zentimetro arteko luzera eta 2-9 zentimetro arteko zabalera dute, zerratuak dira eta, zenbaitetan, oso gainazalean pikor edo lobuluak izaten dituzte. Azpialdea ilupa zurixka edo grisaxka trinko batek estalia dago, eta horrek belusatu bihurtzen ditu.
Loreak zuriak dira eta udazkenean ernetzen dira multzo marduletan. Fruituak heltzean gorriak edo arreak dira, globo-formakoak edo zertxobait obalatuak eta zentimetro batetik beherako luzerakoak.
Pagadi, urkidi, harizti, erkamezti, gorostidi, artadi eta pinudi hezeekin batera agertu ohi dira, baso-bazter, soilgune eta ertzetan. Beste batzuetan sarbide zaileko arrakala eta arrokaietan hazten da, eta nekez osatzen ditu zuhaiztiak.
Lur motarekiko axolagabe, itsas mailatik hasi eta 2200 metro ingurura arte hazten da.
Europa eta Asiako eremu gehienetan sakabanatzen da, Himalayara ere iritsiz. Hegoaldean Atlasera ere ailegatzen da. Iberiar penintsulan ugariagoa da iparraldean eta hego mendebaldean desagertu egiten da.
Medikuntza herrikoian haren fruitua da, ziurrenik, gehien erabiltzen dena. Haren konposizio kimikoen ondorioei so substantzia antagonikoak ditu: alde batetik, taninoek efektu idorgarri eta beherakoaren aurkakoak dituzte; beste alde batetik, sorbitola ere badute, eragin libragarri leuna duen produktua.
Sorbus zen gurbe arruntaren eta ehiztarien gurbearen izen erromatarra; aria antzina hostazuriari emandako izena zen eta arioen herrialdetik dator, pertsiar inperiokoa.