Bedoll (Katalanez) | Bidueiro (Galegoz) | Vidoeiro (Portugaldarrez) |
Silver birch, warty birch (Ingelesez) | Bouleau blanc (Frantsesez)
Tamaina ertaineko zuhaitz hostoerorkorra, oro har, enbor mehekoa,10 – 30 metro arteko altuera izan ohi du, oso dotorea, adaburu luzangakoa eta adar gazteak orokorrean zintzilikariak izaten ditu. Ohikoa hezegune eta eremu eguzkitsutan, Euskadin ugaria, udazkenean kolore urrekara hartzen du. Hostotzak mugimendu dardarkari liraina egiten du haize apur batekin.
Urki mota horren ezaugarri nagusia bere azalaren kolorea da, zuhaitza zenbat eta osasuntsuago egon orduan eta zuriago, marra horizontal batzuekin. Enborraren oinarria adinarekin ilundu eta arrakalatu egiten da.
Hostoek 6 zm inguru neurtzen dute, herena hosto-txortena delarik. Hiruki forma dute, puntadunak, ertzak zerratuta. Eta loreak gerba zintzilikarietan multzokatzen dira.
Urki da abedularentzat euskarazko izena; Daniel Oholeguyk, Euskalmitologian aipatzen digunez Zuberoako eremuan, Pirinioetan, burkhi esaten zaio. Izen zaharragoa da hori eta zeltatik datorren burkhi izendapenaren B jatorrizkoa mantentzen duena.
Urkia da bizi-ziklo berri baten amaiera eta hastapena adierazten duen zuhaitza da, basoan azkena da bere hostoak askatzen eta berriak ernamuintzen lehenengotarikoa. Urkiaren adarrak ez dira gogortzen urteak oso aurrera egin arte.
Urkiaedo abedula, lizarra eta haritzarekin batera euskal kulturako zuhaitz sakratua da.
Estrabonek aipatzen duenez, Euskadiko mendietako jendeek urkiaren zurez landutako edalontziak erabiltzen zituzten, zeltek bezalaxe, eta beren ontziak sutan ipinitako harriekin berotzen zituztela. Kaikua, esnea biltzeko erabiltzen zen kono formako gorputz makurtua zuen pitxer txiki bat zen, pikotx luzea zuen esnea isurtzeko eta piezan bertan landutako helduleku handi bat. Halaber, mamia prestatu eta dastatzeko ontzi modura ere erabili izan da tradizionalki.
Euskadin idietarako uztarria zizelkatzeko erabiltzen zen zuretako bat urkia da. Pieza bakarrean erabiltzen da. Uztargilea artisautzan tradizio handienetakoa duen ogibidea da. Euskaraz uztartuaditza erabiltzen dugu batu, bateratu edo ohaidetu adierarekin.
Urkiaren beste erabilera bat Erronkarin erabilitako almadien fabrikazioan aurkitzen dugu. Almadiaren tarte bakoitzak bost metro eta erdi neurtzen zuen gutxi gorabehera, puntako tarte edo baltsak izan ezik, hura luzeagoa eta zabalagoa zen atzealdetik. Baltsa edo tarte bakoitza urkiaren adarrekin elkarlotzen zen. Horretarako, sutzarrean berotzen zen zura, malgutzeko.
Erritual magiko batean urkiaren azal berdea oineko maskurrak kentzeko erabiltzen zen: oinaren inguraldia irudikatzen duen ebakidura bat egiten zen azal berdearen gainean eta, azala lehortu ahala desagertu egiten ziren maskurrak. Euskal Herrian haren azaleren bidez hilekoa eteteko ere erabiltzen zen.