Llorer (Katalanez) | Loureiro (Galegoz) | Loureiro, louro (Portugaldarrez) | Laurel tree (Ingelesez) | Laurier vrai (Frantsesez)
Ereinotza enbor zuzeneko zuhaitz txiki bat da, azal zapal eta grisaxka du, 10 metrora arteko altuera hartzen du, eta itzal trinkoa ematen du. Landare osoak olio esentzialak ditu, horri esker oso lurrintsua da, batez ere, hostoetan. Hostoak iraunkorrak, sinpleak, txandakatuak, 15 zentimetrora arteko luzeak, luzanga edo lantza formakoak dira, ertz osokoak (nahiz eta zenbaitetan apur bat izurtuak ikusten diren) eta berde iluna bi aldeetara.
Loreak horixkak dira, ez dira oso agerikoak, eta landare-oin ezberdinetan daude paratuta.
Fruitua mamitsua da eta heltzean beltza (drupa), ilar baten tamainakoa. Haatik, landare toxikoa da, eta gehiegi janez gero, sabeleko nahasmendu larriak eragin ditzake, nahiz eta jakiak horrenbeste mikazten dituen aurretiaz ere horrekin jabetuko baikara. Berez, kimu samurrek zianuroaren aitzindari bat dute.
Klima leun eta freskoko lekuetan hazten da hosto erorkorreko beste zuhaitz-formazio batzuekin batera, nahiz eta batzuetan bere kabuz ere zuhaiztiak sortu. Itsasotik hurbil dauden lekuekin, amildegi eta ibarbide heze zein laiotzekin lotu ohi da, edozein lur mota gainean. Ez du gehiegizko altuerarik hartzen, izozteek erasan egiten baitute.
Ereinotza baserria eta bertako biztanleak babesten zituen zuhaitzetako bat zen.
Bermeon, Erramu Domekan, emakume eta haurrek ereinotzaren adarrak eramaten zituzten elizara aurrez zulo bat eginda. Zulo horren barnean makilatxo bat sartu ohi zuten gurutze forman. Egun hartan bedeinkatutako adarrak etxearen kanpoaldean ipintzen ziren (balkoia, leihoa, ataria…) eta baita lur-partzela, denda edota itsasontzietan ere, urte osoan babes gisa mantenduz. Bermeon esaten zenez, etxean ereinotzaren adar bat eta Kandelario eguneko kandela bat izanez gero, ez zegoen etxea kalte zezakeen areriorik. Ekaitza zenean Kandelaria egunez bedeinkatutako kandela piztu, Erramu Domekan bedeinkatutako ereinotzaren adarra atera eta otoitz egiten zen.
Eraikitzen ari den etxe bateko teilatua amaitzen denean etxearen goiko erpinean ereinotzaren adar bat ipintzen da. Baserrietan, obra amaituta, ereinotzaren ordez, ondoren, gurutze bat ipintzen zen, bertan geratzen zena behin betiko.
Ereinotza, era berean, arropa zuria garbitzeko erabili izan da etxeko errautsaren alboan, etxeko arropa guztia haren usainak hartuta geratzen zelarik.
Halaber, arnasketako gaixotasun batzuetan ereinotzaren hostoak erretzen ziren haren usaina etxe osoan zehar barreiatzeko.