Ameneiro (Galegoz) | Amieiro-vulgar (Portugaldarrez) | Common alder (Ingelesez) | Aulne glutineux (Frantsesez)
Altza zuhaitz lerdena da, 25 metroko altuera har dezakeena, azal gris eta ezkatatsua du eta sarritan kono formakoa izaten du adaburua, koniferoek bezalaxe.
Hostoak erorkorrak, sinpleak, txandakatuak, biribilduak, luzangak eta, are, bihotz-formakoak dira, 4-14 zentimetro ingurukoak, inguralde irregular eta sigi-saga, ertza zerratua edo horzduna izaten dute amaieran eta, orokorrean, muturra eskotatua, eta ez puntaduna.
Hosto gazteak eta kimuak oso itsaskorrak dira, erretxinadun guruin bereziekin. Zuhaitza maiz berde mantentzen da negua hasi bitartean.
Loraldia hostiak agertu aurretik gertatzen da. Lore arrak gerba izeneko pedunkulu zintzilikari luzetan paratzen dira, bertan polena gordez. Eta koniferoekin duten antzekotasuna ez da horretara mugatzen, izan ere, lore femeninoek anana txikien antzeko egiturak eratzen dituzte heltzen direnean, bertan haziak gordez. Hegaldun hazi txikiak askatzen direnean, konoak zuhaitzean mantentzen dira, zenbaitetan negu osoan zehar.
Sustraiak oso hedatuak lurrazalean zehar. Laster sustrai nagusia galdu egiten dute eta bigarren mailako sustrai zeihar ugari garatzen dira, irmo eusten diren hirugarren mailako beste bertikal batzuekin batera, azken horiek sakonagoak dira, eta uhaldi eta uholdeei eusteko ahalmena dute. Gainera, sustraietan nodulu batzuk izaten dira. Bertan nitrogeno atmosferikoa finkatzen duen onddo bat bizi da sinbiosian, beraz landareak hartzen dituen zoruak ongarritu egiten ditu.
Espezie hori ur-ibilguei lotuta bizi da, haltzadi izeneko galeria erako basoak sortuz eta sahats, makal, zumar eta lizarrekin batera bizi da.
Inausketari ongi eusten dio, baina asko sufritzen du ibilguak lehortzen baldin badira, batez ere, sustraiak airean geratzen baldin badira, maila freatikoa gainazalekoa izan arren. Mendialde ertainean hobeto garatu ohi da, sastrakadiak hartuz, ur iraunkorreko haranen sakonean eta gutxi gorabehera sakonak diren eta garatuta dauden lurretan.
Altuera handiegian ez dugu aurkitu, 1700 metrora arte ikusiko dugu gutxi gorabehera. Substratuari dagokionez aiherga bada ere, karerik gabeko lekuetan hobeto garatzen da.
Haltzaren hostoak berdez tindatzeko erabiltzen dira, azala baliatuz gorriz tinda daiteke eta adarrak erabiliz marroi edo arrez, eta landare apaingarri modura ere oso interesgarria da, ezponda eta ibilguak berreskuratzeko ere bai, izan ere, gainera lurra hobetu egiten du haren sustraiek nitrogenoa finkatu egiten dutelako.
Zura argi samarra da, baina mozten denean kolore gorri – laranja hartzen du eta, horregatik, Europako herrialde askotan zuhaitz hori sorginduta zegoela uste zuten. Zura erresistentzia handikoa da uretan eta, hori dela medio, gure arbasoek palafitoak egiteko erabiltzen zuten. Veneziako eraikinetako zimentazioa zur horrekin dago egina.
Alnus da haltzadien izen erromatarrak, erro indogermanikoa du eta “distiratsua” esanahi du, zura kolpatzean hartzen dituen kolore gorri eta laranjatu bizien ondorioz. Glutinosa epiteto espezifikoak “itsaskor” esanahi du, haren ernamuinen likatasuna dela eta.